Mostrando entradas con la etiqueta teknologia berriak. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta teknologia berriak. Mostrar todas las entradas

domingo, 28 de marzo de 2010

"Remove"

Bideo hau ikusi eta gero, gauza asko etorri zaizkit burura. Alde batetik, konfidantza lar jartzen ari garela teknologia berrietan. Eta bestetik, buru eta zentzu apur batekin erabili behar ditugula eskura ditugun teknologi horiek; guk kontrolatu behar ditugu eta ez alderantziz.

Mugikorra, gps-a, pda, portatila, Internet-a,… gure egunerokoan inoiz baino presenteago ditugu, eta oso lagungarriak iruditzen zaizkigu. Baina ezin dugu ahaztu datu-trafikoa hor dagoela, eta badaudela zenbait sudurluze edo sarkin gure datuetan begiak jarrita dituztenak eta gure mugimenduak kontrolatzen dituztenak. Honek ez du esan nahi teknologia berriak baztertu behar ditugula, baizik eta gure datuak modu zentzudun batean eskaintzen ikasi behar dugula. Era horretan iruzurrak saihestuko ditugu.

Bideo honetako protagonistak, adibidez, ikusezina izaten ikasi du. Horretarako orainarte kontrolik gabe erabiltzen zituen hainbat dispositibo atzean utzi eta faltan somatzen zuen identitate eta intimitate hori berreskuratzea lortu du, baina noiz arte? Izan ere, nahigabe teknologia berrien mundu erakargarri horretara itzultzea oso erraza da. Hori bai, hor azken hitza guk daukagu, inork ez baikaitu behartzen. Beraz, perspektiba galdu barik ibiltzea oso garrantzitsua da.

domingo, 7 de marzo de 2010

Informazioaren gizartea

Informazioaren Gizartea, Informazioaren eta Komunukazioaren Teknologiak era masiboan erabiltzeak sortzen duen ekoizpena eta truke sistema da. Informazioaren gizartea 1970.urtean sortutako kontzeptua da, baina gaur egun hartu du benetako indarra. Gizartea aldatzen doa eta aldaketa horietara egokitu behar gara, gizarte honetako parte izaten jarraitu nahi badugu. Bidean oztopo asko topatuko ditugula argi dago, hau guztia berria delako guztiontzat. Une honetan funtsezkoena ikasten ari gara: informazioa bilatzeko, aukeratzeko, jasotzeko eta konpartitzeko gai izatea. Lan hau gero eta konplexuagoa izaten ari da, informazioa amaigabearekin topo egiten baitugu.

Duela hamarkada bat hainbeste informazio eskuragai izatea pentsaezina zen. Gaur egun, normaltasun osoz hartzea eta hortara ahalik eta azkarren moldatzea baino ez zaigu geratzen. Hurrengo belaunaldiak, berriz, naturaltasun osoz ikusi eta biziko dute hau guztia.


Gure gizarte honetan lehen mailako garrantzia duen osagai estrategiko bihurtu da informazioa. Hori dela eta, testuinguru horretan herrialde industrializatuen eremuan informazioarekin zerikusia duten arlo guztien garatzeak aparteko garrantzia hartzen du eta informazio eta komunikazio teknologiak (IKTak) garapen ekonomikorako ezinbesteko osagai estrategiko bilakatu dira. IKTen garapenak, hain zuzen ere, informazio hori lortzeko garrantzia, distantzian nahiz denboran, murriztea ahalbidetzen du, enpresa eta etxebizitzei informaziorako sarbidea erraztuz, haiek edonon egonda ere, azkartasun handiagoa izanik. Horrez gain, teknologia digital berriek informazioaren sarbidea, tratamendua, bilketa eta transmisioa errazagoak eta merkeagoak izan daitezen ahalbidetzen dute.

Informazioarekin zerikusia duten teknologia berri horien garapenaren inguruan sortzen ari den egitura berri horri guztiari sarri “informazio gizartea” deitu ohi zaio, oinarri nagusitzat, hain zuzen ere, informazioa balio ekonomiko eta sozial bilakatzea duelako. IKTen enpresen eta gizakumeen jardueren ia eremu guzti-guztiei eragiten diete eta, era horretara, informazio gizartean lan egitea eta bizi izatea oinarrizko lehentasun bilakatu da enpresentzat nahiz gizabanakoentzat. Kontsumitzaileek eskaintzen zaizkien aukerei ahalik eta errentagarritasunik handiena ateratzeko duten gaitasunaren araberakoa izango da informazio gizarte berriaren arrakasta.


Badirudi, Informazioaren Gizartearekin batera gertatzen ari diren aldaketak oparotasuna sortzeko eta ezagutzak elkarrekin konpartitzeko bidea emango duten aldaketak direla, hau da, guztion bizimodua aberasteko aukera izugarriak emango dituzten aldaketak direla, baina ezin ditugu ahaztu gizarte honetatik kanpo geratzen diren pertsonak, aldaketa hauek pertsonen arteko desberdintasunak areagotu egin ditzaketeelako.
Honetaz guztiaz gehiago sakondu nahi baduzu tori bideo interesgarri hau:

lunes, 1 de marzo de 2010

Teknologia Berriak irakaskuntzan

Seymour Papertek dioenez (Papert, 1993), eskolaren eta ikaskuntzaren inguruan "ordenagailuek beraien ahalmen guztia erakusten dute, dena aldatzeko aukera ematen dutenean". Azken urteotan ordenagailuak eta beraien hedapen naturalak, sareak, unibertsitateko eta eskoletako ingurunea hartu dute. Ondorioz, "dena aldatzen" ari al da? Gure irakasleen irakaskuntza praktikak modu sakonean aldatzen ari al dira?

Unibertsitate tradizional baten eguneroko jarduerei gainbegiratu bat emanez gero, ezetz ondoriozta dezakegu; irakaskuntza praktikak, orokorrean, orain dela ehun urteko irakasle eskolako espirituari eta irakasleen "jakintza kutxa" paperari eusten dio. Non gelditzen dira gaur egun ditugun komunikazio aukera askotarikoak? Zergatik ez dira praktikan jartzen teoria pedagogiko berriak, orain, teknologiak aukera ematen duenean? (Larios, 1998). Errudunen bat bilatu behar badugu, eta ez da bakarra izango, teknologiak berak eta irakaskuntza instituzioen moteltasunak banatu beharko dituzte ardurak.



Interesgarria da erreparatze irakaskuntzarekin zuzenean loturiko aurrerapen teknologiak oso mantso sartzen ari direla irakaskuntza sarean; era berean, itxura denez, "hezkuntza teknologia" modu harrigarrian ari da aurreratzen. Agian azkartasun hori bera da egokitzapena zailtzen duena: egonkortasun faltak eta etengabeko aldaketak instituzioak eta irakasleak urrundu egiten ditu hain aldakorrak diren lanak onartzetik, hauek erabat aprobetxatu aurretik aldatu egin beharko bailirateke. Gehiegizko aldakortasunak "bukatu gabeko lanaren" itxura eman dezake, erabat "fidagarria" ez den zerbaitena.

Noski, dena errazagoa izango litzateke unibertsitateek urteetako mugikortasunik ezaren zamarik edukiko ez balute. Instituzio horiei ez zaie erraza suertatzen ezarrita dagoen irakaskuntzarekin haustea kognitiboki eraginkorragoak direnekin ordezkatzeko, baina "historiaren zamarik" jasan gabe.

Gauzak horrela, paradoxa batekin egiten dugu topo: moteltasun eta inertzia handia duen sistema batean sartu nahi dira etengabeko aldaketa azkarrak bizi dituzten elementu teknologikoak. Egoera horren aurrean, galdera bat sortzen da: nola lotu bi kontzeptuak, teknologia eta unibertsitatea, irakaskuntza prozesuak garatzeko eta teknologia berrien praktika aprobetxatzen duten irakaskuntza sistemak lortzeko? Bestela esanda: unibertsitate berriaren testuinguruan, zein da informazioaren teknologiaren berrikuntzek duten funtzioa?



Webaren gorakadarekin halako joera iraultzaile bat etorri zen: Internetek ordura arte ezagutzen genuen unibertsitatea desagerraraziko zuela uste zen. Gaur egun, hasierako gogo haiek itzaltzen hasi dira, irakaskuntza instituzioek oldar berritzaileari aurre egiten asmatu baitute. Ondorioz, uste baino aldaketa txikiagoak sortu dira. Horrela, badirudi, ezeren iraultza egiten baino gehiago betiko praktika tradizionalei sostengua ematen ari direla. Orain, profesional askok Microsoft PowerPoint erabiltzen dute gardenkiak sortzeko, beraien ikasleekin posta elektronikoz komunikatzen dira eta eskolak ematen dituzte bideokonferentzia bidez. Baina gardenkiek hor jarraitzen dute, irakasle-ikasle harremanak nahiko eskasak dira eta eskolak magistralak dira oraindik.

Agian iritsi da unea inguruan dugun olde teknologikoari abantaila ateratzeko; eskakizun iraultzailerik gabe, mobilizazio dei handirik gabe baina konformismo mugiezinean erori gabe (Garcia, 2000). Agian "erdibideko teknologiak" indartzeko garaia da, hau da, gaurko irakaskuntza eskemekin guztiz hautsi gabe eta mundu elektronikoan erabat lotu gabe, poliki aitzinatzeko aukera ematen duten beste eredu batzuk, "isileko iraultza" bat sortuko duten teknologiak, azken finean.

Orain, gure instituzioetan gehien erabiltzen diren irakaskuntza praktikak aztertzen hasi behar dugu, praktika horiek garatzen lagunduko duten teknologiak sar ditzagun poliki-poliki. Betiere informazioaren teknologia berrien eta praktika "pedagogiko berrien" bateratzea bilatuz eta, noski, bateratze horren eszenatokia eguneroko irakaskuntza izango dela pentsatuz.