lunes, 1 de marzo de 2010

Teknologia Berriak irakaskuntzan

Seymour Papertek dioenez (Papert, 1993), eskolaren eta ikaskuntzaren inguruan "ordenagailuek beraien ahalmen guztia erakusten dute, dena aldatzeko aukera ematen dutenean". Azken urteotan ordenagailuak eta beraien hedapen naturalak, sareak, unibertsitateko eta eskoletako ingurunea hartu dute. Ondorioz, "dena aldatzen" ari al da? Gure irakasleen irakaskuntza praktikak modu sakonean aldatzen ari al dira?

Unibertsitate tradizional baten eguneroko jarduerei gainbegiratu bat emanez gero, ezetz ondoriozta dezakegu; irakaskuntza praktikak, orokorrean, orain dela ehun urteko irakasle eskolako espirituari eta irakasleen "jakintza kutxa" paperari eusten dio. Non gelditzen dira gaur egun ditugun komunikazio aukera askotarikoak? Zergatik ez dira praktikan jartzen teoria pedagogiko berriak, orain, teknologiak aukera ematen duenean? (Larios, 1998). Errudunen bat bilatu behar badugu, eta ez da bakarra izango, teknologiak berak eta irakaskuntza instituzioen moteltasunak banatu beharko dituzte ardurak.



Interesgarria da erreparatze irakaskuntzarekin zuzenean loturiko aurrerapen teknologiak oso mantso sartzen ari direla irakaskuntza sarean; era berean, itxura denez, "hezkuntza teknologia" modu harrigarrian ari da aurreratzen. Agian azkartasun hori bera da egokitzapena zailtzen duena: egonkortasun faltak eta etengabeko aldaketak instituzioak eta irakasleak urrundu egiten ditu hain aldakorrak diren lanak onartzetik, hauek erabat aprobetxatu aurretik aldatu egin beharko bailirateke. Gehiegizko aldakortasunak "bukatu gabeko lanaren" itxura eman dezake, erabat "fidagarria" ez den zerbaitena.

Noski, dena errazagoa izango litzateke unibertsitateek urteetako mugikortasunik ezaren zamarik edukiko ez balute. Instituzio horiei ez zaie erraza suertatzen ezarrita dagoen irakaskuntzarekin haustea kognitiboki eraginkorragoak direnekin ordezkatzeko, baina "historiaren zamarik" jasan gabe.

Gauzak horrela, paradoxa batekin egiten dugu topo: moteltasun eta inertzia handia duen sistema batean sartu nahi dira etengabeko aldaketa azkarrak bizi dituzten elementu teknologikoak. Egoera horren aurrean, galdera bat sortzen da: nola lotu bi kontzeptuak, teknologia eta unibertsitatea, irakaskuntza prozesuak garatzeko eta teknologia berrien praktika aprobetxatzen duten irakaskuntza sistemak lortzeko? Bestela esanda: unibertsitate berriaren testuinguruan, zein da informazioaren teknologiaren berrikuntzek duten funtzioa?



Webaren gorakadarekin halako joera iraultzaile bat etorri zen: Internetek ordura arte ezagutzen genuen unibertsitatea desagerraraziko zuela uste zen. Gaur egun, hasierako gogo haiek itzaltzen hasi dira, irakaskuntza instituzioek oldar berritzaileari aurre egiten asmatu baitute. Ondorioz, uste baino aldaketa txikiagoak sortu dira. Horrela, badirudi, ezeren iraultza egiten baino gehiago betiko praktika tradizionalei sostengua ematen ari direla. Orain, profesional askok Microsoft PowerPoint erabiltzen dute gardenkiak sortzeko, beraien ikasleekin posta elektronikoz komunikatzen dira eta eskolak ematen dituzte bideokonferentzia bidez. Baina gardenkiek hor jarraitzen dute, irakasle-ikasle harremanak nahiko eskasak dira eta eskolak magistralak dira oraindik.

Agian iritsi da unea inguruan dugun olde teknologikoari abantaila ateratzeko; eskakizun iraultzailerik gabe, mobilizazio dei handirik gabe baina konformismo mugiezinean erori gabe (Garcia, 2000). Agian "erdibideko teknologiak" indartzeko garaia da, hau da, gaurko irakaskuntza eskemekin guztiz hautsi gabe eta mundu elektronikoan erabat lotu gabe, poliki aitzinatzeko aukera ematen duten beste eredu batzuk, "isileko iraultza" bat sortuko duten teknologiak, azken finean.

Orain, gure instituzioetan gehien erabiltzen diren irakaskuntza praktikak aztertzen hasi behar dugu, praktika horiek garatzen lagunduko duten teknologiak sar ditzagun poliki-poliki. Betiere informazioaren teknologia berrien eta praktika "pedagogiko berrien" bateratzea bilatuz eta, noski, bateratze horren eszenatokia eguneroko irakaskuntza izango dela pentsatuz.

No hay comentarios:

Publicar un comentario